XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Une larria zen Mary Thomas en brankako gazteluan zeudenentzat.

Beheko goardiak eta untzi gainekoak elkarrekin hizketan ari ziren.

Haizerik ez zegoenez, marinel guziak lanik gabe zeuden, lemazaia salbu, eta berau ere diziplina ez haustearren zegoen bere tokian.

Bub Russell untzimutila ere brankan zegoen, zer gertatzen zen jakiteko egarriz.

Une larria zen benetan.

Hala adierazten zuten behintzat marinelen aurpegiek.

Aurreko hiru hilabeteetan, Mary Thomas untzia Japoniako kostaldean eta Bering-eko itsasoaren iparraldean ibilia zen ehizean, fokak harrapatzen.

Baina Ozeanoaren Asiako partean, aurrera ezin jorik aurkitu ziren, zeren eta errusiar kruzeroak baitzebiltzan handik bazterrak zaintzen, eskualde hartan fokak eragozpenik gabe ugal zitezen.

Beraz, leku hura debekatua zen.

Aurreko astean, itsasoa bare-bare zegoela, laino itxi baten mendean harrapatuta geratu zen untzia.

Harrez gero, lainoa bere hartan zegoen eta haizerik apenas nabari zen.

Hala ere, ezbeharra ez zetorren hortik, zeren eta ehiztariek ez baitute presarik izaten, foka-taldeen artean dauden bitartean.

Baina leku hartan itsas korronteak Ipar aldera eragiten zien eta hortxe zegoen okerra.